Bakailaoa eta bere prestaketa
Sarrera
Bakailaoa, arrain guztien artean, sano, fin eta suabeena da eta horrek arrazoi sinple bat du, alegia, munduko ur garbi eta hotzenetara joan behar izaten dela bakailaoa harrapatzera.
Bakailaoak koipe gutxi du, ia erabat giharra delako. Gatzetan ondua, elikagai gutxik eskain ditzaketen bezalako balore elikagarriak ditu. Bakailao gaziaren 100 gramok 39 gramo proteina, 7,2 gramo koipe eta 230 kaloria aportatzen dizkio dietari, A eta D bitaminez gain.
Bakailaoa ezin hobea da haurren hazkuntza eta zaharrentzako, kaltzio, fosforo eta gatz mineraletan aberatsa delako.
Bakailao on bat lortzeko, garrantzitsua da kalitate onekoa izatea, denda espezializatu batean erostea, horrela ziurta baitaiteke produktua ona dela. Eta ez ahaztu gezatuak bere puntuan egon behar duela. Denda espezializatuetan gezatutako bakailaoa lor dezakezu, prantatzeko listo.
Bakailaoa gezateko modurik onena
Bakailao ona ateratzeko gakoetako bat, kalitateaz gain, behar bezala gezatzea da.
Gezatzeko ura ugari ipini behar da, hotza, bakailaoaren bolumena baino askoz gehiago (gutxienez lau aldiz).
Pusketan ebaki ondoren, bakailaoa iturriaren zorrotada azpian ipini kanpoko gatz fina kentzeko.Gero, ontzi batean jarri, beti ur askorekin. Kontutan eduki behar da ez duela denbora bera behar puska lodiek edo finek gezatzen. Finenentzat egun t'erdi eta lodienentzat hiru egun, bitarte horretan kalkulatu behar dugu. Aholkatzen da hozkailuan gezatzea edo, horrela ezin izatekotan, urari izotza bota berotu ez dadin. Gomendatzen da gainera bakailaoa azala gorantz duela ipintzea, horrela erregularrago gezatzen dela ematen baitu.
Prestatzen hasi baino ordu batzuk lehenago aterako dugu bakailaoa uretatik, pausatu eta lehor dadin, orduan izango dugu prest sukaldean prestatzeko.
Arau orokor bezala, esan daiteke oso puska lodiak komenigarriak direla bakailao xerratatik laminak atera behar diren prestaketa guztietarako: entsaladak, hostopila, etab. Neurri ertaina, puskak osorik egin behar diren jakietarako: pil-pil, bizkaitar erara, etab. Horrelako prestaketa batean lodiera desberdineko zatiak ditugunean, lodienak urritzea gomendatzen da, eta geratzen diren pusketak beste zerbait egiteko erabil daitezke (kroketak, adibidez). Finenak oso ongi etor daitezke papurtzeko edo bakailaoak garrantzi gutxi duen prestaketetan erabiltzeko, bakailaoa patatekin, adibidez.