Bakailao eta txangurro entsalada

Bakailao eta txangurro entsalada
  • Bakailaoa: 400 gr., puska lodietan eta aurrez gezatuta, emandako oharren arabera.
  • Txangurro 1 (edo Buia) 800 gr.takoa
  • Nata likidoa: 1/4 litro
  • 2 koilarakada brandy
  • Oliba-olioa: 6 koilarakada
  • Jerez ozpina, koilarakada 1
  • Tomate txiki bat zurituta, pepitarik gabe eta dado txikietan ebakita.
  • Tipulin xehetu piskat, edo bestela, tipuleta piskat oso fin txikituta
  • Gatza eta piperrautsa.
  • Letxu desberdinen hosto batzuk (eskarola, trebiso, etab.) juliana-eran edo puska txikietan ebakita.
Txangurroa ur gazitan egosi (itsasoko urak adinako gatza eduki behar du) hamar bat minutuz. Uretatik atera, epeldu arte utzi eta zati jangarri guztiak kendu, alde batetik okela eta bestetik korala bereiztu.
Nata berotzen jarri su motelean eta bertan sartu bakailao puskak. Irakin baino lehen sutatik kendu eta bi edo hiru minutu utzi pausatzen. Denbora igaro ondoren, bakailao puskak atera natatik, hezurrak eta azalak kendu eta ahalik eta laminarik ederrenetan desegin.
Txangurroaren korala, bakailaoa epeldu den nataren koilarakada batzuekin loditu eta brandya erantsi. Irakin azkar bat eman, nahasketa hori batidoratik pasa eta gero txinotik. Gatza eta piperrautsa puntuan jarri.
Ozpin-olio bat prestatu olioa, ozpina, tomate-dadoak, tipulina edo tipuleta, gatza eta piperrautsarekin, osagai guztiak nahastuz. Koilarakada pare bat gorde eta geratu den ozpin-olioari txangurro-okela gehitu.
Bakailao laminak txangurro kreman sartu eta hori guztia piskat epeldu.
Plater bakoitzaren erdian bakailao laminak jarri txangurro-krema dezenterekin. Laminen gainean jarri ozpin-oliotan egindako txangurro-zati bat. Inguruan, letxuak ipini geratzen zaigun ozpin-olioarekin gozatuta.