Bakailaoa «Club Ranero» erara

Bakailaoa «Club Ranero» erara
  • Bakailaoa: 1 kg. lodiera beretsuko lau pusketan, adierazi bezala gezatuta.
  • Oliba-olioa: 4 dl.
  • 4 baratxuri-ale
  • 4 piper txorizero
  • 4 tipula ertainak
  • 8 piper berde
  • 4 pikillo piper
  • 4 tomate neurri ertainekoak, zurituta eta pepitak kenduta
  • 3 baratxuri-ale
  • Oliba-olioa: 2 dl.
  • Gatza
Txorizeroak ur hotzetan sartu eta su txikian ipini. Irakiten hasi denean, sutatik kendu, ur beroa bota eta piperrak berriz ere ur hotzarekin estali eta berriz irakin. Operazio hau lau aldiz errepikatu. Gero, txorizeroak erditik ireki eta aizto batez pulpa azaletik bereiztu eta gorde.
Kazola bat ipini su ertainean frijituaren olioarekin. Piskat berotzen denean, erantsi tipulak eta baratxuriak, biak xehetuta. Minutu batzuk igaro ondoren, piper berdeak dadotan bota eta pikillo piperrak tiratan. Hiru minutu beranduago, tomatea dadotan zatitua bota. Jarraitu sutan eztitzen eta, beste bost minutu igarotzean, sua jaitsi dena suabe-suabe egiten utziz 20 minutuz edo. Gatzitu.
Buztinezko kazola bat ipini su ertainean olioa eta baratxuri-aleak laminetan ebakita. Kolorea hartzen hasi direnean, atera. Olioa epeldu arte zain egon eta bertan sartu bakailao tajadak azala gorantz begira, eta egosten utzi -horixe egin behar da, eta ez frijitu- zortzi bat minutuz. Kazola sutatik kendu, eta bakailaoa atera.
Txorizeroen pulpa ipini buztinezko kazola batean, bertan jarri bakailao tajadak azala gorantz begira eta kazola oso su txikian berotu. Piskanaka bakailaoa egosi den olio koilarakadak botatzen joan -maionesa egiteko bezala-, mugitzeari inoiz utzi gabe mugimendu zirkularrekin, ongi loditzeko. Beroa egon behar du baina inoiz ez du irakin behar. Pil-pil moduko bat egin behar da, txorizeroekin gozatuta.
Plater bakoitzean jarri bakailao tajada bat, inguruan ipini prestatu dugun pil-pil arrosa eta, bakailao gainean, olioa ongi kendutako frijituaren koilarakada pare bat. Edo frijitua plateraren alde batean ipini, azken batean berdin da eta.